ANDERESERORA HIRIBURUN PASTORALA

Ekainaren 3a izan da Hiribururentzat egun haundia: 150 urte eta gero berriz bizi izan du pastoral egun bat, oraikoan hertarrek beren herriaren historia kantatzen entzunez. Hortarako  muntatu oihalezko katedrala mukurru betez, arrakasta haundia izan du lehen emanaldiak, erakutsiz Aturri aldeak euskal kultura herrikoiaren tresna eder hori bazekiela erabiltzen, herriaren bihotzaren biziaratzeko euskal nortasunaren taupadean. Orain bigarren emanaldiaren aldia da, plazerrarendako eta beharrezkoa ere delako.

 

Tradizioa eta beharra

 

2800 presuna xutik txalotzen Andereserora Hiriburun pastoraleko 150 arizaleak, horra ekainaren 3ko irudi indartsuena, han zirenen izpirituan luzaz itzaturik geldituko dena. Xiberoko jeietik hain urrun den herri batek horrelako obra baten taularatzeko parioa ez zen ttipia, eta orduan ardietsi txalokada luzeak, irabazia zela erakutsi du. Tradizioak nahi du bigarren aldi batez emaitea pastorala, eta gogotsu horren prestatzen berriz hasiak dira aktür, dantzari eta soinulariak, lehenaren heinekoa ez bada hobea izan dadin bigarrena. Liferentzia batekin, ekainaren 3ª aintzineko kezka zonbaiteri, plazerra nagusitzen dela oraikoan: elgar berriz ikustekoa, bai eta kantuz, dantzan eta mogimenduan pastoralaren magiaren berriz gozatzeko plazerra. Plazerra eta seriostasuna ere, jada kausitua izan dena berdin ongi emana izaitea baita denen helburua.

 

Urte bat badu orai 150 hiriburutar eta inguruko jende, abentura hortan abiatuak direla eta hainbeste lan egin ondoan, bigarren emanaldi bat beharrezkoa bilakatzen da naturalki, bai arizaleek merezi dutelako bai eta herriak ere. Hiriburuk gutitan ez erraiteko sekulan ez du bizi izan hein hortako gertakaririk, arizale gehienek ez dutelarik ere beste paradarik izanen. Bere indarraz behar da baliatu pastorala denean eta horrek publikoarentzat ere balio du, oraikoan xantza batekin, aintzinean aktür libratuago eta atrebituagoak izanen dituela, hots ikusgarri indartsu baten mentura dukela.

 

 

 

Gure historia guretzat eta bestentzat

 

Pastorala hunek Hiriburu, Euskal Herriko ipar mugan den herri ttipi baten historia marratzen du. Hunek bere euskal nortasunaren finkatzeko balio badu, balio du ere Euskal Herriaren historiaren eraikitzeko, berez, eta kasu huntan Andereserora, euskal gizartetik desagertu den figura garantzitsua berbiziaratzen baitu. 8 mende estaltzen ditu pastoralak, Iparraldeak izan dituen hainbat gertakari eta figuren haritik (erdi aroa, iraultza, Napoleon, Luziano Bonaparte, 14eko gerla, Oxobi …), euskal ikuspuntu batetik eta zonbait ustekeri, bereziki euskararen erabilerari buruzkoak, zuzenduz. Euskaldunentzat horrek badu bere inportantzia bainan ere, euskal nortasunetik urrun daudenen eta kanpotik hunarat jin jendentzat ere, bereziki Lapurdi kostaldean.

 

Hain zuzen, Hiriburuko biztanleria, Lapurdi kostaldeko herri guzietan bezala, Euskal Herri kanpotik jin ainitz jendez osatua da, eta haieri buruz ere, pastoralaren kausitzea beharrezkoa da. Oraiko kultura mundializatuak obra profesional eder eta haundiak eskaintzen ditu kasirik egunero. Euskal Herriak horrekin ez du lehiatzen ahal. Euskal kulturak duen ahal bakarra da, bere tresnekin jokatzea eta euskal kultura herrikoiak dauzku horiek eskaintzen. Pastoralaren kausitzea hortan datza, ez bakarrik desberdina delako, bainan erakusten duelako bai arizaleek bai publikoak nola beren cultura bizi duten. Ekainaren 3an hor ziren haietarik batzuek hori azpimarratu daukute, gozatuz gainerat hainbateeri deus zor ez zuen ikusgarria. Bigarren emanaldia ez daiteke gutiago izan, bai publiko eta bai aktürreri esker.

 

Pastorala eguna

 

Hiriburun berriz mobilizazioaren tenorea da. Bai aktürrentza, hauek bultta huntan mustrakak hasiak balin badituzte ere, bereziki dantzariek, bai eta antolamenduaz arduratzen direnentzat. Hiribururen eremuak ez du errexten jende ainitzen errezebitzea, hortako 80 bat presunek segurtatzen dute egun guziko harat hunata, publikoa ahal bezain ongi errezebitzeko. Ainzineko aste huntan ere ez da lan eskasik, karpa haundiaren muntatzetik haste, taula gainaren eta alkien prestatzearekin.

 

Pastorala egunaren programa berdintsua izanen da. Irailaren 16an izanen den aldaketa bakarra da goiz partean. Eguna goizeko 11etan hasiko da Hiribururentzat historikoa den Lizageko kaperan (Quieta izeneko etxebizitzen artean den kaperan), oroit arazteko Lizageko jauregia eta bere kapera izan direla Hiriburu bere izena eman duen familiaren había. Desfilea Plaza Berrin bururatuko da eta denbora izanez, mutxikoak joak izanen dira denetzat. Bazkaltzeko parada bada bai taloekin bai eta ere mahaian La Perleko gelan, aintzinetik edo lekuan berean erreserbatuz.  

 

Pastorala arratsaldeko 3ak eterditan ttanko hasiko da, lehen aldian bezala, oihalezko aterbeak aterbea edo/eta itzala eskainiko duelarik, aroaren kaprizen arabera. Hobe goizik etortzea, autoaren aparkatzea berriz ere, Ametzondoko Ikean izanen delako, autobusek jendea herriko bihotzerat urbilduko dutelarik. Arratseko zazpietan luzatzen ahalko da egun eder hori ostatu, talo eta soinuekin.

 

Bixtan dena liburutto hirueleduna izanen da pastoralaren segitzeko gisan eta udak pastoralaren bideoa ere erdi du lekuan berean erosten ahalko dena. Hiriburuk bere pastoralarekin du hitzordua azken aldikotz, bai eta zuek ere, beraz ez huts egin parada hori.

 

Pastoraleko txartelak salgai:

 

Hiriburuko Herriko Etxea (05 59 44 15 27)

Elkar liburudenda (Baiona)

Xuriatea jatetxea (Hazparne)

Xibero Bio (Maule)

Kukuxka liburudenda (Donibane Garazi)

Oronos Spar (Baigorri)

Bazkariko txartelak salgai 20€tan Hiriburuko herriko etxean edo erreserbatuz meilez : hiriburupastorala.repas@gmail.com

  

https://hiriburupastorala.wixsite.com/2018eu

Facebook : Andere Serora Hiriburun Pastorala

< berri zerrendarat itzuli